domingo, 15 de diciembre de 2013

IKASITAKOA






Irakasgai honetan, gauza asko ikasi ditut, ia konturatu gabe, izan ere, gai desberdinak emateko erabili dugun metodologia oso dinamikoa izan da.

Eman dugun gaietako bat, tutoretza izan da. Tutoretza lantzeko taldean egin dugu lan, informazioa aurkitu ondoren tutoretza bat egiteko gidoia egin eta beharrezko dokumentuak bildu genituen. Gero benetako tutoretza bat izango balitz bezala, beste ikaskide batzuekin, guk prestatutakoa praktikan jarri genuen. Metodo honekin, tutoretza bat egiteko zer behar den eta gurasoekin nola hitz egin behar den ikasi nuen, baita besteen aurrean hitz egiteko orduan izan behar diren jarrera egokiak zeintzuk diren. Gainera konturatu nintzen, garrantzitsua dela batzarra egin baino lehen dena prest izatea eta kasu batzuetan gurasoen galderei erantzutea zaila izan daitekeela.

Irakaskuntzari buruz aritu garenean, irakaskuntzan aritzea zer den eta irakasle ona nolakoa izango litzatekeen ikasi dugu eta horretarako, guk miresten genuen irakasle bati egindako elkarrizketaz baliatu gara gehienbat. Eta elkarrizketa hau egin eta gero, gure taldekideekin batu ginen, eta elkarrekin irakasle izatearen zailtasunak zeintzuk diren konturatu ginen, denen informazioa alderatzerakoan.

Argi dago klasean egiten dena modu batean edo bestean ebaluatu egin behar dela eta nola egiten den ere ikasi dut, eta ikasleak ez ezik, taldea eta irakaslea ere ebaluatu behar direla. Ikasleak ebaluatzeko orduan errubrika egin dugu eta irakaslea eta taldea ebaluatzeko, irakasleak ikasleen noten media egin daitekeela esan zigun eta gero guk, gure ustez metodo egokia zein den pentsatu behar izan genuen, modu honetan egokiena irakaslea ebaluatzeko ikasleen notarik altuena erabili genuen eta taldea ebaluatzeko orduan, taldekide guztien noten media egitea zela egokiena pentsatu genuen.

Nola ez hezkuntzari buruz aritu gara denbora guztian, eta hezkuntza motak aztertu ditugu, misto eta bereizia besteak beste, honako hau lantzeko testu batzuk landu ditugu eta gero mapa kontzeptual bat egin, guzti hau modulu lanera bideratuta. Hezkuntzan egon diren aldaketak ere landu ditugu, LOE eta LOMCEn eman direnak, talde bakoitzak landu eta kartulina baten bidez beste taldeetakoei azalduz. Eta pigmaleon efektua ere landu genuen. Hau landuta, ohartu nintzen irakasleek, nahita edo nahi gabe ikasle batzuei besteei baino arreta gehiago jartzen dietela eta batzuetaz beste batzuetaz baino gehiago espero dutela eta honek eragin handia dauka ikasleengan.

Lan gehienak taldeetan egin ditugunez, taldean lan egiten ikasi dugu. Adibidez, ariketa bat, talde bakoitzak beraiek aukeratutako gaia lantzea izan zen, zer den eta hezkuntzan nola landu, gure kasuan bakerako hezkuntza. Gaia landu eta gero poster bat egin genuen eta beste taldeetako jendeari azaldu genion, beraiek egiten zizkiguten galderei erantzunez. Beraiek ere beraien gaiak azaldu zituzten era berean, niri azaldutakoak, bulling, autoestima, adimen emozionala eta egoera konfliktiboak izan ziren. Ikasteko modu hau egokia izan zen elkarri galderak egiten genizkionez, ezagutzak txapa entzunda baino errazago barneratu nituen.

Aipatzekoa da hasieratik azken egunera arte erabili dugun blog-a. Blog-a guk nahi izan ditugun gaiei buruz hitz egiteko tresna egokia izan da. Bertan hezkuntzari buruzko zenbait gai jorratu ditu bakoitzak eta aldi berean kritikotasuna eta hausnartzeko gaitasuna landu ditugu. Eta ezagutza hauek barneratzen ari nintzen bitartean, blog-a erabiltzen ikasi dut, nire teknologia berriekiko gaitasuna hobetuz.

Eta azkenik ezan beharra dut, aurrean aipatu ditudan jarduera guzti hauek egiten, etorkizunean nik haurrekin erabiltzeko metodo ezberdinak ikasi ditudala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario